Albisteak

2014|05|15 - Konpostajea

Mendialdea Mankomunitateak 650 kilo konpost banatu ditu Leitzako bizilagunen artean

Leitza

Konposta, auzo-konpostajean parte hartu duten familien hondakin organikoekin egina, Haur, Guraso eta Eskolen XV. Topaketa eta Konpostaren Egunean banatu da.

Mendialdea Mankomunitateak kalitate bikaineko 150 kilo konpost banatu ditu Haur, Guraso eta Eskolen XV. Topaketa jardunaldian.

Banatutako konpost hori Leitzako 72 familiaren hondakin organikoak kudeatzeko 2013ko azaroan jarri ziren hiru konpost-guneetan lortu da. Mankomunitateak egindako kalkuluen arabera, familia hauen hondakin organikoen kopurua guztira 2,5 tonatan murriztu da, eta hondakin horietatik 650 kilo konpost atera dira.

Hiru konpostaje-gune hauetan Leitzako herritarrek sortutako hondakin organikoen % 5a kudeatzen ari da.

Parte-hartzaileek konpostajearen balorazio oso positiboa egin dute, ikusten baitute haien hondakinak modu ekologikoan eta jasangarrian murrizten direla eta hori guztia herriko baratzetan eta lorategietan erabil daitekeen ongarri bihurtzen dela. Hondakinak tratatzeko sistema hau hondakinak sortzen diren toki berean ezartzen da eta horri esker garraio kostuetan aurrezten da; horretaz gain CO2a isurtzea ere saihesten da eta ingurumenari dagokionez, beraz, sistema jasangarriagoa da.

Haur, Guraso eta Eskolen Topaketa

Konpostaren banaketa “Haur, Guraso eta Eskolen XV. Topaketa” izeneko jardunaldiarekin batera egin da. Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko eskolek, gurasoek, eta ikasleek urtero egiten duten jardunaldia da eta aurten 15. aldia izan du. Egunean zehar hainbat tailer, joko eta jarduera egin dira, guztiak ere familiei zuzenduak.

Parte hartzea

Konposta banatzeko egunean 200 lagunek parte hartu dute, haurrak nahiz helduak, eta Mendialdearen hurbileko beste mankomunitateetako ordezkari ugari ere izan da bertan, baita eskualdeko alkateak nahiz beste mankomunitate batzuetako lehendakariak eta teknikariak ere.

Konpostajean parte hartzeko (auzokoan nahiz etxekoan)

Mendialdeko herritar orok eman dezake izena auzo-konpostajean horretarako mankomunitatearen telefono zenbakira deituz (948510444). Izena ematea ezinbestekoa da, eta kanpainako materialak eta auzo-konpostajea egiteko trebakuntza jasotzeko eskubidea ematen du.

ARGIBIDE GEHIAGO

Mendialdean auzo-konpostajea egiteari buruz edo jardunaldi honi buruz informazio gehiago eskuratzeko Bakartxorekin hitz egin dezakezu 948510444 telefono zenbakira deituta.

Mendialdea Mankomunitateari buruz (www.mendialdea.eus)

Mendialdea Mankomunitateak bertako kide diren udalerrietako hiri-hondakinak kudeatzen ditu. Honakoak dira Mankomunitatea osatzen duten udalerriak:

  • Arano
  • Areso
  • Goizueta
  • Larraun
  • Leitza
  • Lekunberri

 

 

Iruzkina egin